San Juan Bautista De La Salle

FUNDATZAILEA: LA SALLEKO JOAN BAUTISTA

La Salleko Joan Bautista donea Reimsen (Frantzia) jaio zen 1651an, 11 senideen arteko lehena. Aita hiriko magistratua zen eta ama, noblea. Joan Bautistak txikitatik sentitu zuen apaiz izateko gogoa.

27 urterekin apaiz egin zen; gutxira, berak nahi gabe, pobreentzako parroki-eskoletan ziharduten maisu talde baten zuzendaritza lanetan hasi zen. Maisu haiek zein gaizki prestatuta zeuden eta lanerako zein ardura gutxi zuten ikusita, bere ardurapean hartu zituen: laguntza ekonomikoa eman zien, arautu egin zien bizitza, lagundu lanean, hobetu beraien heziketarako trebakuntza... 1682an familia-etxea utzi eta beraiekin bizitzen jarri zen.

Hastapenak gogoan zituela, honela idatziko zuen geroago: "Jainkoak jakinduriaz, emeki, eta gizonen joerak bortxatu gabe zuzentzen du dena eta Jainko honek, ni burubelarri eskolak gobernatzen jarri nahian, astito-astiro bultzatu ninduen horretara, ardura batek hurrengora eramaten ninduelarik, hasieran konturatzen ez banintzen ere".

LA SALLEKO JOAN BAUTISTA

Konfiantza osoa harengan jartzera deitzen zion Jainkoaren ahotsari erne, Joan Bautistak eman egin zituen bere ondasunak: uko egiten zion katedraleko kalonje izateari eta pobreen artean banatu zuen bere jaraunspena. Poliki-poliki Jainkoak nora eraman nahi zuen ohartu zen: haurren, batez ere haur pobreenen heziketarako, Jainkoari bizitza emango dioten laikoen elkarte erlijiosoa sortzera. Horrela jaio zen Elizan gizonezkoen religioso bizitza mota berri bat.

Berehala hasi zitzaizkion arazoak bizitzan zein obran: bere senitartekoen gaitzespenak, agintari erlijiosoen ulertezintasuna, maisu kaligrafoek jarri zizkioten epaiketak, zenbait lagunen huts egiteak. Guztiaren erdian, Joan Bautistak garbi zeukan zein zen bere xede bakarra: Jainkoaren nahia betetzea.

1712an etsaien erasoak hain ziren ugariak non Joan Bautistak jendearen aurretik urruntzea erabaki zuen. Berak fundatutako Elkartearen zuzendaritza utzi eta Paristik Frantziako Hegoaldera jo zuen. Han, Grenoble ondoko Parmenian, erretiratuta bizi zen epe batez. Hala ere, berriz zuzendaritza hartzeko agindua eman zioten Anaiei men eginez, Parisa itzuli zen 1714an. Azken urteak Rouanen eman zituen, Saint-Yoneko formazio etxean, Anaien zuzendaritza kargutik libre. Hantxe hil zen, ostiral santu batez, 1719ko apirilaren 7an, 68 urte zituela

La Salleko Joan Bautista 1900. urtean santu aitortu zuten, eta 1950ean Pio XII.ak Maisu Kristau guztien Zaindari izendatu zuen.

LASALLETAR MISIOA "LA SALLE" ESKOLA

Betidanik Eskola izan da La Sallek bere hezkuntza eta ebanjelizatze misioa egiteko erabili duen tokirik nagusiena, hots, Eskola Kristaua bere aldaera guztietan. Zenbait bereizgarri dituen eskola da. La Salle Eskolan hezieraren kezka daukagu, irakaskuntzaren kalitatearena eta, zer esanik ez, hezieraren kalitatearena.

Zertarako hezi, nora goazen, zer-nolako gizon-emakumeak egin nahi ditugun, zer-nolako gerorako gizartea eraiki nahi dugun... horrek guztiak ere kezkatzen gaitu. Gure Ikastetxeetako Hezkuntza Asmoak idatziz adierazten ditu gure xedeak, asmoak eta baloreak.

Horrez gain, biziki inporta zaigu kristau hezieraren azken xedea, pertsonaren erabateko garapena, Jesukristoren ereduaren arabera; horregatik bizi ohi dugu LaSalletar Eskolan kristau iniziazio edo ebanjelizatze prozesua.

Beraz, La Salle Eskolak ilusioz eta zentzuz betetako eskola behar du izan, hezitzaile sutsu, saiatu eta zintzoak dituena. Bertan, pertsonarengan eta itxaropenetik jaiotzen dira gure adorea eta entrega, ikaslea mutila nahiz neska izan, nerabea nahiz gaztea.

Sinetsi egiten dugu La Sallek izan zuen intuizio hura, gazteei -batez ere probreei- giza eta kristau heziera ematearena, inoiz baino premiazkoagoa dela gure munduan. Eskolan egiten dugunak, ikasaioek, eskolaz kanpoko ekitaldiek, kirolak, aisialdiak... guztien eskuetara jartzen gaituzte, laguntza anaikorra emateko asmoz. Beraz, ebanjelioko baloreak aurkitzen, estimatzen eta barneratzen laguntzen dugu, horrela pertsona mota berria, gizarte zaharberritua, mundu birsortua erditu nahi dugulako.

LURRALDE BANAKETA. LA SALLE MUNDUAN

La Salle mundu osoan zabaldurik dagoen Elkartea da,eta 82 herrialdetan banaturik dauden 913 ikastetxetan 810.000 ikasle inguru ditu.

 

A R L E P
Lurralde jakin bateko Anaien Elkarteek eta La Salle Ikastetxeek Barruti edota Probintzia erlijiosoa osatzen dute, eta eremu geografiko zein kultural batetako Barrutiek, berriz, Eskualdea. Eskualdea, berez, koordinazio eta lanbidetzarako erakundea da; honela, A.R.L.E.P. izeneko eskualdea Espainia eta Portugal estatuetako Barrutiek osatutakoa da ( gazteleraz, “Agrupación Regional Lasaliana de España y Portugal”), eta bere baitan Andaluzia, Bilbo, Katalunia, Madril, Valentzia-Palma eta Valladolideko Barrutiak hartzen ditu. Era berean, Eskualdearen zein misiotako konpromezu amankomunen zerbitzurako Barruti Zentrala dugu sortua. Honen bitartez gauzatzen dira, esaterako, San Pio X Erlijio eta Katekesi Zientzietako Institutua, PROYDE... eta beste zenbait formazio programa.

Bilboko Barrutia.

Hezkuntza mailak:

1.- Haur Hezkuntza
2.- Lehen Hezkuntza
3.- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
4.- Batxillergoa
5.- Heziketa Zikloak
6.- Lanerako Prestakuntzarako Lantegiak
7.- Ikasle Egoitza Nagusiak

Bilboko Barrutia