Salletar Mendi Topaketa - Eibar 2010

2010-04-20T09:25:00+02:00
Salletar Mendi Topaketa - Eibar 2010
Aurreko igandean (Apirilaren 25a) Euskal Herriko Salletarren Mendi Topaketa ospatu genuen Eibarren. Goizeko 9tatik aurrera salletar mendizale mordoa elkartu ginen La Salle Azitain Ikastetxean, Arraterainoko mendibuelta bat egin eta ondoren bazkari popular batean parte hartuz.

  Eguraldia lagun izan genuenez, 2010. urteko Salletarren Mendi Topaketa primeran atera zela esan dezakegu. Igandean Eibarren bildu ginen 500 pertsonek iritzi hori dukagu behintzat. Goizeko 9tatik hasi eta arratsaldeko 5ak arte egun zoragarria pasatzeko aukera izan genuen.

  La Salle Azitain Ikastetxean elkartu eta 9ak pasata Arraterainoko mendibueltari hasiera eman zioten mendizaleek. Santa Kruzeko ermitan hamarretako aparta zeukaten zai; txorizoa, salda, musika eta guzti, bidea indarrez jarraitzeko. Martxa onean, Usartzako gaina pasa eta Arrateko Santutegiraino iritsi ziren denak, argazki batzuk ataratzeko geldiunetxo bat eginez. Ondoren, jeitsiera berriz Azitaineko ikastetxeraino, bazkaria prest baitzegoen. Baina aurretik, patio nagusian Lambretta motorren erakustaldi bat izan genuen, eta gazteek ( eta ez hain gazteek ere ) primeran pasa zuten motorren gainean buelta batzuk emanez.

  Ikastetxeko gimnasioan bazkari popularra ospatu genuen. Lehendabizi txikienek bazkaldu zuten (makarroikada izugarria zeukaten beraientzat). Ondoren, nagusiek babajana izan zuten, sakramentu guztiekin, noski. Kafea eta kopatxoa ere izan zen nahi zuenarentzako.

  Bukatzeko, arratsaldea jolasean aritzeko izan zen. Txikienek pelikula bat ikusteko aukera izan zuten eta giroa berotzeko Beasaingo Anai DJ Mikelek bere diskoteka martxan jarri zuen beheko patioan mundu guztiak eskeletua mugi zezan. Eibarko zenbait ikaslek prestatutako dantza berezi bat ere izan genuen ikusgai. Dena primerakoa izan zen!

  Opariak eta agurrak, eta bakoitza bere etxera. Hurrengo urtean berriz elkartuko gara eta espero degu giro ona nagusi izan dadila berriz ere. Eibarko La Salleko partaide guztien aldetik, zorionak eta mila esker topaketara etorri zineten guztioi eta batez ere lanean aritu zinetenei, zuen ahaleginik gabe ez baitzen posible izango horrelako ekintza bat antolatzea.

Hemen daukazue ospakizunaren Kartela eta bertan, mendizaleek jarraitu zuten Ibilbidea.

KARTELA

 Eta jarraian, zenbait argazki ikusteko aukera.

ARGAZKIAK